Historia

Zumaiako sorrerari buruzko zenbait alderdiren inguruan misterio uneak azaltzen diren arren, ikertzaile guztiak bat datoz honetan: herria monasterio baten inguruan sortu zen. Monasterio hau, Santa Maria izenekoa, Orreagako fraideena zen 1292. urteaz geroztik, urte horretan Sancho IV. Gaztelako erregeak pribilegio baten bidez eman baitzien. Horixe da, behintzat, "Zumaya" izena aipatzen duen dokumenturik zaharrenak dioena.
Udaleko eta parrokiako artxiboetan gordetzen diren dokumentuak aztertu ondoren, historialariak ez dira ados jarri, batez ere Santa Maria geografikoki kokatzeko orduan: batzuen ustez, gaur San Pedro parrokia dagoen leku berean zegoen; beste batzuen ustetan, aldiz, Arritokietako ermitan kokatu behar dugu, eta bada, gainera, aspaldi desagertu zen eraikin batekin identifikatzen duenik ere. Baina, dena dela, gauza bat argi dago: monasterio hartako fraideak izan ziren herriaren jaiotzaren testigu zuzenak, harresiz inguratutako herri bat sortu asmoz, Sehatz bailaran sakabanaturik zeudenek Santa Mariako inguruetan biltzea erabaki ondoren, ordura arte etengabe jasandako piraten eta lapurren erasoen aurrean babes bila nonbait. Hurbil, estrategikoki ongi kokatua eta, gainera, itsaso ondoan zegoenez, ez dirudi fundatzaileek zalantza askorik izan zutenik Alfonso XI.ari Zumaia juridikoki herri bihurtzeko behar zuten baimena eskatzeko. Gaztelako errege horrek 1347. urtean sinatu zuen «Villa de Villagrana de Zumaya»ren Fundazio Gutuna. Zergatik «Zumaya»ren izena? Eta zergatik Villagrana? Zumaia toponimoari dagokionez, ikertzaile gehienek «zume» hitzetik datorrela diote, garai hartan Zumaiako parajeak ihi edo antzeko landarez josita omen zeudelako. Eta Villagranari dagokionean, berriz, artadiek ematen zuten «grana» aipatzen dute arrazoitzat zenbait ikertzailek. Sarritan izenari erantsi izan zaion «Noblea» eta «Leiala» adjektiboen erabilerak ere ba omen du bere zergatia: XV. mendearen ondorengo dokumentuen trasladoetan agertzen diren tituluak dira, eta horretarako baimen zehatzik jaso ez bazuten ere, Gipuzkoako edozein herritan hitz hauek erabil zitezkeela erabaki zuten 1523. urtean Batzar Probintzialek, garai hartan herrialde honetan gehiegi erabiltzen ziren «txit noble» eta «txit leial» tituluen ordez.
Historian
zehar, sortu zen une beretik ia, aldameneko herriekin zenbait tira-bira
izan zituen Zumaiak. Debaren aurrean, adibidez, bere lurraren jabegoa
defenditu behar izan zuen, harik eta Iruñeko Tribunal Eklesiastikoa
hasieran, eta azkenik, 1391. urtean, Erromakoa bera ere zumaiarren alde
azaldu ziren arte. Getariarekin ere izan zituen gorabeherak, Zumaiako
ibai eta kanalari buruzko jurisdikzio eskubideak zirela-eta. Arazoa
1416. urtean konpondu zen, aipatu puntuetan arrantzatzeko eta
nabigatzeko eskubidea Zumaiak nahiz Getariak zutela zioen adostasun
idazki bat sinatzean. Sehatz bailaran dagoen Aizarnazabal izan zen,
bestalde, Zumaiak Zestoarekin izan zuen auziaren arrazoia; azkenean,
emaitzarik gabeko zenbait saiakera egin ondoren, Aizarnazabalek
independentzia lortu zuen 1861. urtean.
Nolanahi ere, auzirik luzeena eta ekonomikoki garestiena Orreagako monasterioko fraideekin izandakoa gertatu zen; izan ere, Fundazio Gutuna lortu baino lehen fundatzaileen eta Orreagako abadearen artean sinatutako akordioaren baldintzak, denboraren poderioz, iluntzen joan ziren, eta horrek kontraesanak eta gaizki ulertuak sortu zituen. Akordio haren arabera, elizak bere ondasunen jabetzari eta zenbait eskubideri eutsiko zien, baina herriak ondasun horien gozamenerako eskubidea eskuratu zuen, errenta baten truke. Prozesu luze baten ondoren, azkenean, 1641. urtean konpromiso bat sinatu zuten, eta, horren bidez, Zumaiak bere gain hartu zuen parrokiaren patronatua, baina indemnizazio handi baten truke. Akordioaren prezioa handiegia izan zen, garai hartako udal kontuek argi islatzen dutenez, baina zenbait ikertzaileren ustetan, akordio horretara iritsi izana garai hartan Felipe IV.aren idazkaria zen Juan de Olazabal zumaiarrari eskertu behar zaio, hark egin baitzituen bitartekari lanak prozesu luze hartan. Bera izan zen, hain zuzen ere, Zumaiako lehen eskola sortu zuena 1652. urtean. XVI. mendean 136 etxe zeuden Zumaian; horietako 70 harresi barruan zeuden sei kaletan zehar, eta gainerako 66ak, berriz, kanpoaldeko hiru auzoetan sakabanaturik. Guztira, 108 abizen zeuden erregistratuta, hauetariko 53 «jauntxo» kalifikazioarekin. Gaur egun ez dago etxe handi eta dorreen parean bakarrik eteten zen harresi haren arrastorik. Herriko sarrerak, atari nagusia adierazten zuen gurutzea zeramana barne, XVIII. mendean desegin zituzten, «libreago gera dadin». Itsasokoa zen herrira sartzeko bide natural bakarra, eta dirudienez, baita arriskutsuena ere, herrira sartzeko biderik errazena baitzen.
XVI.
mendetik aurrera, gauzak asko aldatu ziren; auskalo zenbat aldiz urtu
zen parrokiako kanpaien metala. Aspaldi erretiratu zuten, bestalde,
kanpai nagusi zaharra; kanpai hark, 1578. urteaz geroztik, sei kanpai
kolpez iragartzen zituen, alkatearen aginduz, erregimentuko bilkurak:
alkatearen helburua herritarrei bilkuretan parte hartzera deitzea zen.
Bestalde, mendeak igaro dira alkatea parrokiaren atarian bertan
hautatzeari utzi ziotenetik. Alkatea aukeratzeko batzarrak ekainaren
24ko Meza Nagusiaren ondoren egiten ziren hasieran, eta, 1614. urteaz
geroztik, abenduaren 27an «San Joan eta San Pedro egunak hurbil
daudenez, gauzak behar bezala prestatzeko astirik ez dagoelako».
Gutxienez etxe bat zutenek zuten botoa emateko eskubidea, eta garai
hartan txapelak eta zilarrezko pitxerrak erabiltzen ziren hautestontzi
gisa. Erloju zaharra — 1845. urtean aldatu zen— eta elizako organoa
hondatu samarrak zeuden ordurako, eta 1585. eta 1616. urteetan konpondu
egin behar izan zituzten erabilgarri jarrai zezaten. Gaur egun ez dira,
garai hartan bezala, bi zuhaitz ebakitzen Batzar Nagusiak herrian
ospatzen diren bakoitzean, «probintziako idazkariari egurra eta ikatza
eskaini ahal izateko». Baina bada, halaber, urte haietan Batzar
Nagusiek onartu eta oraindik ere aldatu ez den erabaki bat: 1620.
urteko abenduaren 27an, Arritokietako Ama-Birjina Zumaiako zaindari
izendatu zuten; Gipuzkoako patroi Loiolako San Inazio izendatu zuten
egun berean, hain justu.
Urteak
eta mendeak igaro ahala, zumaiarren bizimodua, ohiturak, eginbeharrak,
herriaren egitura, udal ordenantzak, eta abar aldatuz joan dira.
Aldaketa horien haritik, herrian garai bakoitzean nagusitu izan diren
jarduera ekonomikoen errepaso txikia egingo dugu, parametro ekonomikoak
funtsezkoak baitira herrien historia eta bilakaera ulertzeko.
Nekazaritza zen diru iturri nagusia Zumaia sortu zenean. Hala ere,
ugari ziren arrantzan eta itsas nabigazioan lan egiten zutenak; izan
ere, ibaia oso oparoa zen urte haietan, eta aingirak, amuarrainak,
itsaskiak, izokinak eta beste hainbat arrain mota aise arrantzatzen
ziren. Gainera, asko ziren arrantza eta nekazari lanak tartekatzen
zituztenak; eta, gogoratu behar dugu, aldi berean, asko zirela
zementugintzan jarduten zutenak, inguruko lurretan zeuden materialak
aprobetxatuz. Bestalde, 1391. urteko sententzia batek XIV. mende
amaieran ibaian itsasontziak egiten zirela adierazten digu, zuhaitzak
moztea baimentzen baitzuen, ontziolei egurrez hornitzeko. Jarduera
horien guztien bilakaeran, noski, eragin handia izan zuen herriko
portuak. Badago, bestalde, Santixoko hondartza eta herria komunikatzen
zuen itsasontzi txikiaren etekinak XVI. mendean Zumaiak zituen diru
iturririk inportanteenen artean aipatzen dituen ikertzailerik ere.
Ondorengo bi mendeak —XVII.a eta XVIII.a— ez ziren oso emankorrak izan.
Nekazaritzak herriko jarduerarik nagusiena izaten jarraitu zuen
Zumaian, nahiz eta zenbait elikagairen ekoizpena —garia, artoa eta
baba, kasu— defizitarioa izan. Egoera larria zela dirudi, 1766. urtean
herri guztia miatu baitzuten etxez etxe jendeak behar baino ale gehiago
gordetzen ote zituen egiaztatzeko. Itsas nahiz lur garraioan egiten
zuten lan beste zenbaitzuk, eta, dirudienez, arrantzak gora egin zuen
garai hartan; 1610. urtea baino lehenago sortua baitzen jada San
Telmoko Marinelen Kofradia: hala adierazten digu Pablo V. Aita Sainduak
igorritako bula batek, zeinaren bidez «pribilegio izpiritual eta
induljentzia bereziak» eskaintzen zizkien kofradia horretako kideei.
Krisiaren eta egoera ekonomikoaren eraginez, XVI. mendean hasitako
emigrazio mugimendua areagotu egin zen urte horietan — 1616an Zumaiak,
Aizarnazabal barne, 935 biztanle besterik ez zituen—. Bi mende pasa
ziren, gainera, kanpora jotzeko joera hori aldatzen hasi zen arte.
Egoerari
buelta ematen hasi zirenerako, XVIII. mendea aurreratuta zegoen.
Krisialdia gainditzen lagundu zuen faktore nagusienetako bat
nekazaritza izan zen: itsas padurak lehortu egin ziren, eta, ondorioz,
ordura arte antzuak ziren lurretatik uztak jasotzen hasi ziren. Baina
ez zen hori izan gorakadaren eragile bakarra; XIX. mendean,
zementugintza herriko ekonomiaren eragile nagusi bihurtu zen, eta, bide
batez, portuaren mugimendua aberastu zuen. Gainera, komunikabideak
hobetu egin ziren: 1882-1885 bitartean Zumaia eta Getaria arteko
errepidea egin zen (ordurako, Getaria lotuta zegoen Donostiarekin);
1900. urtean Deba eta Zarautz lotu zituen trenbidea egin zen, eta 1926.
urtean Urolako trena (gaur egun, geldirik) jarri zen martxan.
Komunikazio sarearen zabalpenak, beraz, izan zuen eraginik herriaren
garapenean, baina, Beduari dagokionez, kalteak besterik ez zituen
eragin, Urolako zubiak ibai gorako bidea oztopatu baitzien
itsasontziei, eta horrek hilzorian utzi baitzuen Beduako portua. XX.
mendearen hasieran, zementugintzaren ordura arteko loraldia ahultzen
hasi zen —esaterako, 1915. urtean fabrika bakarra zegoen, eta zortzi
urte lehenago, aldiz, bost—, eta ontzigintzak, berriz, goraka egin
zuen; baita, geroxeago, motorgintzak (Zumaian muntatu zen Espainian
egindako lehenengo diesel motorra) ere. Industria jarduerek Zumaian
izan zuten gorakadak populazioaren hazkundea eragin zuen, inmigrazioak
bultzatuta batik bat. Ondoko datu hauek migrazio mugimenduen berri
zehatza ematen digute: 1965. urtean, Zumaiak 5.889 biztanle zituen,
ia-ia 65 urte lehenago baino 3.500 gehiago; eta 1950. urtean, herrian
bizi zirenen %68 zen jaiotzez zumaiarra (%21 Gipuzkoako beste
herritakoak ziren, eta %11, berriz, Estatuko beste probintzia
batzuetatik etorriak). Azken zenbateko hori handituz joan zen hurrengo
hamarkadan. Beraz, Zumaiako ekonomiaren eragileak erabat aldatu dira
urteak eta mendeak aurrera joan ahala: 1950. urtean, herriko langileen
%56 industrian egiten zuen lan, eta nekazaritzan, aldiz, %7ak besterik
ez. Urte batzuk geroago, krisiaren eraginak iritsi ziren Zumaiara, eta,
ondorioz, ordura arte punta-puntakoak izan ziren zenbait enpresa itxi,
eta langileak kaleratu ziren. Gaur egun, portzentaje horiek aldatuz
doaz, krisiaren gorabeherei jarraituz.

