Hemen zaude: Hasiera Turismoa Zer egin Zumaian Oinezko ibilbideak

Oinezko ibilbideak

Oinezko ibilbideen planoa ikusteko hona hemen pdf-a Zumaia - Oinezko ibilbideak

GR - 121 Zumaia-Deba

Gero eta jende gehiagok egiten duen txangoa da; izan ere, Euskadiko kostaldeko lekurik zoragarri eta interesgarrienetakoa da. Ibilaldi honetan GRaren marka zuri-gorriei jarraitu besterik ez dago. Ibilbidea edozein noranzkotan egin daiteke, baina guk Debara Euskotrenez joan eta Zumaiara oinez itzultzea proposatzen dizugu. Ibilbide honetan, kostaren gaineko hainbat talaiarekin egingo dugu topo, lehendabizikoa Santa Katalinako ermita. Ibilbidearen erdi aldera, merezi du GR aldi baterako utzi eta Mendatagaina eta Sakonetako itsaslabar handi-handiak ikustea. Zumaiako turismo bulegoak, aldian-aldian, ibilaldi gidatuak egiten ditu Deba eta Zumaia artean.


GR - 121 Zumaia-Deba

Luzera: 15 km.

 

Talaimendi - Algorri

Ibilbide honek aukera paregabea ematen digu Zumaiatik gertueneko itsaslabarrak ikusteko. Altxor geologiko apartak dira, jende gutxik ezagutzen dituenak, baina sekretu liluragarriak dituzte. Egokiena ibilbidea itsasbeheran egitea da, aldi horretan agerian geratzen den marearteko zabalgune zabala ikusi ahal izateko. Ibilbideak gora egiten du Talaimendiraino, Itzurun hondartzaren gainaldetik joan, eta itsaslabarren gailurrak zeharkatzen ditu Algorriko puntaraino. Ibilbideko gauzarik nabarmenena haitzen egitura da. Hostopil itxurako egitura da, flysch izenekoa, elkarren segidan doazen geruza gogor eta geruza bigunez osatua. Geruza horiek duela milioika urte sedimentatu ziren antzinako itsaso sakon-sakon batean, eta plaka tektonikoen mugimenduen eta talken ondorioz azaleratu dira. Itsasoak agerrarazi du egitura: olatuek, labanak bailiran, haitzen aurrealdea moztu eta urradura plataforma horizontal bat eratu dute, eta, ondorioz, itsaslabar bertikal bat, olatuek ekiten duten mugan. Algorrin, geruzen artean, 65 miloi urte sortutako geruza bat dago, eta garai hartan Lurrarekin talka egin zuen meteorito baten partikulak ditu. Dirudienez, talka horrek eragin zuen planetako espezieen bosgarren desagerpen handia. Inguruneari eta horren geologia interesgarriari buruzko informazio gehiago izateko, egokiena Zumaiako turismo bulegoak horretarako propio antolatzen dituen bisita gidatuak egitea da.


Talaimendi - Algorri
Luzera: 4 km.

 

Zumaia - Artadi - Askizu

Ibilbide erraza da, oso bista ederre-koa. 200 metroko altueraraino iristen da eta txakolina egiteko mahastiak zeharkatzen ditu. Ibilbidearen lehen zatia Artadirako errepidetik doa, baina ez dauka eragozpen handirik: azkar egiten da, ez dauka trafiko askorik eta artadi eder bat zeharkatzeko aukera ematen du. Artadi utzi eta minutu batzuk geroago, bideak gora egiten du berriro. Laster, Garategainara iristean, bista paregabeak izango ditugu: Oikia, Urola ibarra, Izarraitzeko mendigunea, Indamendi, eta inguruko beste zenbait mendi. Artadi kantauriarra atzean utzi, eta berehala, txakolin mahastiak nagusituko zaizkigu. Izan ere, gero eta mahasti gehiago dago Getariako inguruko kostaldeko gune honetan eta beste zenbaitetan. Ibilbidea irailean edo urrian egiten badugu, mahats-bilketa ikusi ahal izan dugu. Ibilbideari jarraituz Azkizuko auzora iritsiko gara. Bueltako ibilbide guztian zehar Zumaiako bista zoragarriak izango ditugu, eta leku pribilegiatuan kokatuta dagoela ohartuko gara.

 

Zumaia - Artadi - Askizu

Luzera: 9km

 

Zumaia - Elorriaga - Pikote

Ibilbide honek denbora gutxian oso paisaia desberdinak ikusteko aukera ematen digu: Zumaiako itsasadarra; Elorriaga bidean, mendi muino biribilak eta baserriak, eta, azkenik, itsaslabar garaiz eratutako kostaldea. Lehen igoerak, Amesmendin zeharrekoak, behar bezala markatu gabeko bidexka bat du; beraz, kontuz ibili behar da bide onetik joateko. Hortik gora eginez, itsasadarraren bista desberdina erakusten diguten zenbait leku daude. Gora eginez, ingurune polita izango dugu ikusgai: han-hemenka baserriak dituzten mendi muino biribilak. Bideak gora egiten du Elorriagaraino. Auzo horretan, San Sebastian ermita txikia bisita dezakegu, bai eta bapo bazkaldu ere inguruko tabernetan. Hortik hasiko gara itzultzen, itsasorantz hurbiltzen den bide batetik. Ibilbidea lau samarra da hor, ia bat-batean Pikote baserriaren ondoan itsaslabar handi batekin topo egin arte. Pikote baserriaren ondoko itsaslabarra, eta hortik bi aukera ditu ibilbideak: errazena (A aukera), baserritik Zumaiara doan pista hartzea da; bestea (B aukera), zailagoa, itsaslabarraren ertzetik itzultzea da. Bigarren aukera hartuz gero, kontuan eduki behar da zenbait lekutan bidea ez dagoela ondo markatuta eta aldapak oso handiak direla. Ez atera bidetik eta ez zapaldu inguruko larreak eta lursailak.

Zumaia - Elorriaga - Pikote

Luzera: 9,1 km.

 

Zumaiako bira

Zumaiako Indamendi elkarteak urtero egiten duen “Zumaiari Bira” ibilbidean oinarrituta dago. Oso ibilbide erosoa da, zementuzko eta asfaltozko bideetan zehar doa gehienbat, eta ezin hobeto biltzen ditu kostaldearen eta barnealdearen alderdirik erakargarrienak.

Ibilbidean zehar bi aldiz gurutzatzen da Urola ibaia, eta zenbait landa auzo zeharkatzen dira: Artadi, Oikia, Ibañarrieta eta Elorriaga. Mendi eta baserri ingurunea zeharkatzen ditu, eta guk erlojuaren orratzen norabidean egitea proposatzen dugu. Hasiera eta amaiera beste bi ibilbideren berdinak dira: horregatik, 4. ibilbideko argibideei jarraitu behar zaie Artadiraino iritsi arte; eta, azken zatia, berriz, 3. ibilbideko argibideei jarraituz egin daiteke Elorriagatik Zumaiaraino.

Ibilbide hau mendiko bizikletan ere egin daiteke. Dena den, erosoago izan dadin, ibilbidea hemen proposatutakoaz bestelakoa egin daiteke bi zati txikitan: erdibidean, hobeto da Arroara joan eta geroxeago hortik jarraitzea; eta ibilbidearen azken zatian, zuzenean Zumaiara doan pista asfaltatuari jarrai dakioke.

 

Dokumentuaren akzioak