Jauregi eta dorretxeak
Goikotorre
Elorriaga famili boteretsuaren dorretxea izandakoa, oso desitxuratua dago gaur egun; hala ere, gordetzen ditu zenbait elementu: beheko arku zorrotza, teilatuko erremate gotikoa, eta abar. XV. mendeko dorretxe tipikoa izan zen bere garaian.
Jauregia
![]() |
|---|
Elizaren alboan eraiki zuten Ganboatarrek —herriko jauntxo nagusiek— jauregia. Eraikina Ganboa eta Oinaz sendien arteko borroken (ahaide nagusien arteko borroken) lekuko izan zen.
Nabarmen aldatua badago ere, XV. mendeko arkitektura zibilaren elementu bakanak ikusten ditugu: hareharrizko harlandua, leiho lobulatua, arku zorrotzak, eta abar.
Ubillos

Izen bereko familiaren jauregia izan zen. Hasieran, ezkerraldeko dorrea besterik ez zuen, Euskal Herrian ugari diren dorretxe tipokoek bezalaxe. Hala ere, XVI. mendean beste dorre bat eta patio karratua gehitu zioten, defentsa itxura aldatuz eta jauregi itxura handiago emanez (garaiko gizarte aldaketaren isla, bestalde).
Errenazimentuko jauregien ereduari jarraituz, erdiko patioak banatzen du barne espazioa, eta, bertan, arku handiko galeriak irekitzen dira. Sarrera arku handien bitartez egina dago, eta gainean familiaren armarria du. Balkoia ere berrikuntzen ezaugarri da. Egoera penagarrian egon ondoren, XX. mendearen hasieran zaharberritu zuten, itxura zerbait aldatuz.
Torreberri
Teilatua eta barrualde guztia galdu ondoren, kanpoko hormak besterik ez ditu gaur egun. Manuel de Arriolak berritu zuen familiaren dorretxe zaharra XVII. mende hasieran, eta hori da gure artera iritsi dena. Mende horretako dorretxe tipikoa dela esan dezakegu. Behealdean, atea dago erdian eta leihoak alboetan, denak ere hareharrizko markoez eginak. Solairu nagusian sendiaren armarria dago gordeta, balkoi artean; eta goian, leihoak eta teilatua daude. XVII. mende hasieran egindako balkoi irtenak eta burdinazko barandailak ez dira egun erabiltzen, baina elementu horiek berak ikusiko ditugu Olazabal jauregian. Guztia harlangaitzezkoa da; ate, leiho eta izkinetan hareharria erabiltzen bada ere. Garai hartan, harlangaitza zurituta egongo litzateke.
Olazabal, Uriarte eta Palazio Handixa
|
|
|---|
|
San Juan iturri eta Olazabal jauregia |
Juan de Olazabalek —Felipe IV.aren idazkaria eta Inkisizioaren "Contador General" izandakoak— eraiki zuen XVII. mendean. Garaiko jauregiaren ereduari jarraitzen dio: behean, sarrera leihoz inguratua; goian, balkoiak burdinazko barandilekin, eta leihoen artean, familiaren armarriak. Azkenik, teilatuaren egurrezko erlaiza irtena dekorazio ugarirekin. Fatxada nagusia hareharri onekoa da; besteak zurituta azaltzen badira ere, aipatzekoa da lorategiek pixkanaka hartzen duten garrantzia, atzeko magnolio zaharrean ikus dezakegun moduan.
Kondekua
Oikiako dorretxerik aipagarriena da, eta, izenak dioenari jarraituz, konde batek egina izan daiteke.
XVIII. mendeko eraikuntza hau karratua da, eta lau isuriko teilatua du. Gaur egun agerian du harlangaitza, eta izkinetan, ateetan eta leihoetan hareharrizko harlandua erabiltzen da. Solairu nagusian burdin forjatuzko balkoiak ditu, urte horietan ohikoa zen bezala. Erdiko balkoiaren gainean armarri ezabatua du.
Foronda
![]() |
|---|
Forondako markesak uda pasatzeko eraiki zuen gaztelu antzeko etxea, XX. mendearen hasieran, Juan Jose Gurrutxaga donostiar arkitektoaren proiektuari jarraituz. Gurrutxaga Eibarko udal arkitektoa zen arren, Donostian eraiki zituen lan gehienak, esaterako, justizia jauregia. Forondak Erdi Aroko gazteluen antza du, hala ikus dezakegu dorretxoetan, almenetan eta harrietan. Garaiko arkitektura eklektikoaren adibide polita da, nahiz eta joera garaikideak alde batera uzten dituen.




