Santiago ermita eta Zuloaga museoa

Santiagoko ermita zaharra Zuloaga pintoreak erosi zuen, bertan bere lan
estudioa eta bildumaren museoa egiteko. Parrokiarekin batera, Zumaiako
eraikuntzarik zaharrenetakoa izan daiteke. Badakigu XIII. mendetik
aurrera itsasontzi bat erabili zela, Urola ibaiak sortzen duen badia
gainditu, eta Santiago eta herria lotzeko. Bidaiariek itxaroten zuten
bitartean, ostatua eta otoitz egiteko tokia eskaintzen zuen eraikin
honek. Hala ere, Zuloagak egindako berreraikuntza soilik ikusten dugu
gaur egun; izan ere, jatorrizko horma eta arku gutxi batzuk besterik ez
dira kontserbatzen. Elizatxoan Beobideren Kristoa jarri zuen Zuloagak
aldare nagusian, eta Quintin de la Torreren Ama Doloretakoa albokoan.
Beste aldean, Erdi Aro bukaeran pintatutako erretaula daukagu,
Amabirjinaren bizitza irudikatzen duena. Egilea ezezaguna da, jatorria
bezalaxe.
Alboko bi gelatan Zuloagaren bilduma eta pintore beraren koadroak daude. Sarrerakoan, Zuloagaren zenbait margolan egoten dira ikusgai, eta albokoan, berriz, pintura gotikoa: El Grecok, Zurbaranek, Goyaren eskolakoek, Vicente Lopezek, Gutierrez Solanak eta abarrek egindako lanak. Halaber, Rodinen eskultura pare bat eta beste hainbat gauza (zeramika greziarra, adibidez) ere ikus ditzakegu. Zuloagaren etxea Pedro Guimon arkitekto bizkaitarrak egin zuen mende hasieran. Erregionalista izena hartu duen estiloan egindakoa, euskal arkitektura tradizionalaren ezaugarriak ditu, zeramikazko xehetasunek nahasketa puntua ematen badiote ere.

