Marearteko zabalgunea eta Algorriko itsaslabarra
Atal honetan deskribatzen den itsas labar lerrokadaren mendebaldeko muga Debako udalerrian dago, ekialdeko muga, berriz, Zumaiako Itzurun hondartzan eta Marianton muturrean. Labarrok ia bertikalak dira, eta tarte batzuetan ia 150 metroko altuera dute.
Geologia

Labarraren aztarnak
Aipatutako kostalde zatian azaleratzen diren materialak Behe Kretazikoaren (orain 100 milioi urte) eta Aro Tertziarioaren (orain 50 milioi urte) artekoak dira. Garai haietan, egun Gipuzkoako lurraldea dena urpean zegoen, itsas sedimentazio prozesuen eraginpean. Itsaspeko presio eta tenperaturaren eraginez, harriak eratu eta lur gainera azaleratu ziren, tolesdura eta altxamendu prozesuen bitartez. Lurrazalean, haize eta olatuen bistara, kare-harri eta hareharrizko flysch deritzon egitura berezia eratu da kostaldean. Deba eta Aitzuri artean, Behe Kretazikoko materialak azaltzen dira: hareharri, lutita, kare-harri eta kare-harri margatsuak. Aitzuri eta Algorri artean, Goi Kretazikokoak ikusten ditugu: marga eta margo kare-harriak. Azkenik, Marianton muturra arteko azken zatian, Aro Tertziarioko materialak ditugu: kare-harria, kare-harri margatsua, marga, hareharria eta lutitak.
Itsaslabar hauen bitxikerietako bat harri geruzen artean dauden fosilen (batez ere Ammonite eta Bibalbioak) eta antzinako izakien jardueren aztarnak dira. Labarreko harri geruza bakoitzak Lurraren historiaren zati txiki bat erakusten digu. Geruzak ia bertikalak direnez, Lurraren historia modu erosoan "irakurtzeko" aukera eskaintzen dute; eta erosotasun honen bila etortzen dira mundu guztiko hainbat geologo eta ikerlari. Horien guztien helburu nagusietako bat orain 65 milioi urte gertatu zen suntsipen izugarriaren arrazoiak aurkitzea da.

Sedimentu gorrixkak
Itsasoak labarrean egindako higadura bizia izan da; izan ere, ekaitzak datozenean, labarren oinarriek haize eta olatuen eraso etengabe eta bortitza jasaten dute, batik bat, neguan. Horrela, apurka-apurka, labarraren oinarriak ahuldu, eta goialdeko geruzak amildu egiten dira. Harri geruza gogorrenek, astiroago higatzean, lurmuturrak eratuz eusten diote higadurari, eta geruza bigunak, berriz, senadi bilakatzen dira.
Higaduraren eta denboraren poderioz, itsasoak lekua jan dio lurrari, eta, ondorioz, agerian utzi du, labarraren oinarrian, garai batean mendi izandakoaren aztarna: urradura plataforma edo marearteko zabalgune deritzona.
Duela milaka eta milaka urte kostaldeko ibar txikiak zirenak, egun, itsas higaduraren ondorioz, esekita geratu dira, eta ibar horiek zeharkatzen dituzten errekastoek 10 metrotik gorako ur-jauziak eratzen dituzte labarrean behera.
Flora eta Fauna

Urradura plataforma
Algorri inguruko flora eta fauna deskribatzeko, behar-beharrezkoa da bi habitat bereiztea: batetik, labarra, eta, bestetik, itsasaldien eraginpean dagoen marearteko zabalgunea.
Labarraren ezpondak malda oso bortitzak ditu, ia bertikalak, eta material hauskorrez eratua dago; ezaugarri horiek direla-eta, ezpondan ez da ia landarerik hazten. Gainera, hazten diren apurrak, olatuen eraginez, labarraren oinarrira irristatzen dira. Zirrikitu eta erlaitzetan baino ez dira ikusten baldintza gogor hauetara moldatutako landareak.
Malda eta itsasaldien eragina txikiagoa den guneetan, lurzoru kopuruak lurra metatzeko aukera ematen du, eta, ondorioz, kostaldeko landare espezieez osatutako zelaitxoak sortzen dira.

Otabera, Genista hispanica
Labarren gailurrean itsasoaren eragina asko arintzen da eta lur helduagoak aurki daitezke. Ote, otabera eta txilarrak (batik bat, Erica vagans espeziekoa) dira labar gailurretako zuhamuxkarik arruntenak; horiez gain, arte eta gurbitzek beren burua okertuz egiten diete aurre itsas haize gaziari.
Algek eta liken apur batzuk osatzen dute urradura plataformako landaredia. Algak, lehorrean irauteko duten jasankortasunaren arabera, marearteko zenbait mailatan jartzen dira, banda zabalak eratuz.
Kostaldeko flyscha, geruzen ezegonkortasuna eta bertikaltasuna medio, bizileku desegokia da lehorreko hegaztientzat. Era berean, gutxi dira marearteko zabalgunean ibiltzen direnak, nahiz eta, batzuetan, marearteko putzuetan jaten ikus ditzakegun.
Itsas eta limoetako hegaztientzat, berriz, urradura plataformak garrantzi handia du jateko orduan, hondartzetan janaria lortzea zailagoa baita. Itsas mika, kuliska txikia edota mendebal-txoriak ondo aprobetxatzen dituzte putzu eta urautsietako baliabideak.

Kaioa
Gure kostaldean gehien ibiltzen diren itsas hegaztiak aliota, ubarroia, pottorroa eta martin arrunta dira. Hegaztiok, neguan, harat-honat ibiltzen dira Kantauri itsasoko kostaldean.
Marearteko zabalguneko fauna aniztasun handikoa da (200 espezie baino gehiago ikus daitezke), eta itsas ornogabeen talde gehienak biltzen ditu.

Itsas mihilua, Crithmum maritimum
Poliketo iragazle batzuk arrezife egiturak eratzen dituzte, eta sortzen diren zuloetan, fauna aberatsa aurki daiteke; batik bat, moluskuak, lapak, barraskiloak eta olagarroak. Halaber, nabarmentzekoa da nudibrankioen kolore aniztasuna eta edertasuna.
Dena den, marearteko zabalguneko bizilagunik ugarienak oskoldunak dira; batik bat, izkirak, nekorak (andarikak) eta karramarro beltzak. Itsas izarrak eta itsas trikuak (Zumaian ostarrena deitua) ere oso ugariak dira marearte eta putzuetan; batzuetan, 600 ostarrenetik gora aurki daitezke, metro karratuko.
Marearteko arrain komunitateak nahiko bereziak dira, kostaldeko beste lekuetan azaltzen direnekin konparatuz. Lapatiak, eta, horiekin batera, gobidoak eta blenidoak dira marearteko putzuetako ohiko biztanleak.

