Jaiak
Zumaian, Oikian eta Artadin uste baino aldaketa gutxiagorekin ospatzen dira jaiak, aspalditik. Jai ugari ditugu herrian, eta horietako bakoitzak bere ezaugarri eta zapore berezia dute.
San Telmoak, marinelen jantzi urdinez jantzita eta kresal usainaz blaiturik, jai egun famatuenak ditugu. Egutegian saltoka doala argitu behar dizuegu, eta Pazko igandetik zortzi egunetara (beti astelehenean) ospatzen dela. Ahal baduzue, ez galdu herriko bandak «San Telmo Martxa» jotzen duen bitartean San Telmoko ermitaraino egiten den prozesioa. Musika hau festetako ikur edo ezaugarria da. San Telmo eguna aipatu astelehen horretan ospatzen den arren, festak aurreko asteburuan hasten dira, eta hurrengoan errepikatu. Honako hauek dira festa hauetako ekitaldi nagusiak: Kofradiako plazako dantzaldiak, Itzurun hondartzako zezenak, helduen nahiz haurren danborrada, profesionalen pilota partiduak, trainerilen estropadak eta gazteen arteko norgehiagokak. Azken ekitaldi horiek gazteek beraiek zehaztutako programaren barruan egiten dira.
San Pedroak ditugu festa nagusiak, nahiz eta, azken urteetan, herritarrek ez dioten eutsi San Pedro egunean trajea estreinatzeko ohiturari.
Uda hasierako jai hauek beti izan duten handitasunari eutsi diote, eta ekainaren 29an dute beren egun handia. Honako hauek dira jai hauetako ekitaldi nagusiak: erraldoi eta buruhandiak, dultzaineroak, Itzurun hondartzako zezenak, dantzari Eguna, txistularien alardea eta su artifizialak.
Oikian San Bartolome ospatzen da abuztuaren 24an. Baserritar giroko erromeri jatorrak dira jai horien ezaugarri nagusia. Halaber, herri kirolak eta bertso saioak ez dira inoiz faltatzen eta, gainera, bi urtetik behin antzinako «Oilasko bilketaren festa» egiten dute.
Udako Festak, lehen Aste Nagusia bezala ezagutzen genituenak, abuztu osoan zehar ospatzen dira orain. Egitaraua honako jarduera hauek osatzen dute: traineru estropadak; Etxabe Dinastiako pilota partiduak; talo, musika eta sagardoz bustitako euskal jaiak; berbena berezia; ur jokoak... Gogoan izan, halaber, abuztuaren lehen hamaika egunetan zehar ospatzen dela «Nazioarteko Musika Jaialdia/Uda Musikala», eta, bertan, kontzertuak eta ikastaroak izaten direla egunero; besteak beste, Aita Mari zinema aretoan eta Forondan.
Artadin, San Migel eguna ospatzen da irailaren 29an. Bertako sokamuturra, bertso saioak, herri kirolak eta oro har sortzen den giro goxoa ahaztezinak izango zaizkizu.
Honenbestez, festen zerrendarekin amaitzeko, honako hauek aipatu behar ditugu: Estazioko San Pankrazioak, Narrondoko San Kristobalak, Arritokietako Andre Mariak, eta Basadi auzategiko San Romualdoak.
Urteko jaien egutegia
Otsaila
Inauterietako kartel lehiaketa.
Inauteri jaiak (aldagarria).
Literaturako San Telmo Saria.
Martxoa-Apirila
Mendi Astea. Hitzaldiak eta emanaldiak.
San Telmo jaiak (Pazko ondorengo 8. eguna, igandea).
Zumaiari Itzulia (menditik).
Maiatza
Aste Berdea: eta gai horrekin Zumaiako argazki rallya.
Estazioko jaiak (San Pankrazio, maiatzeko azken asteburua).
Ekaina
Argazki lehiaketa (txuri-beltzean).
Pintxo lehiaketa.
"Euskaraz kiroltasunez" jaialdia.
Eskulangintza feria.
San Pedro jaiak (ekainaren 29an).
Zumaiako triathloia.
Uztaila
Udako udaleku irekiak (Haurrentzako jardueren egitaraua).
Hilabete guztian zehar kaleko jarduerak: musika, dantza, antzerkia, ...
Udako kirol eskolak.
Haurren Folklore Jaialdia.
Julene Azpeitia literatur lehiaketa.
Narrondo auzoko jaiak (San Kristobal, uztailaren 10ena).
Abuztua
Uda musikala (abuztuak 1-11).
Udako jaiak: sagardo eguna, estropadak, berbena berezia, kuadrila eguna, etab.
Oikiako jaiak.
Iraila
Artadiko jaiak (San Migel, irailak 29).
Olarru Eguna (hirugarren larunbatean).
Urria
Autorik Gabeko eguna.
Aste mikologikoa.
Azaroa-abendua
Euskararen astea.
Gabon Jaiak.
Bertsolari gazteak.

