Abesbatzak eta musika taldeak
San Pedro Txiki abesbatza:
1990. urtean San Pedro Txiki Abesbatza sortu zuten Mª Eugenia Doval eta Mª Pilar Aizpuruk.
Gaur egun abesbatzak bi talde ditu: San Pedro Txikienak (4-9 urte arteko 40 bat ume) eta San Pedro Txiki (9-16 urte arteko 45 bat gaztetxoa)
Hauexek dira abesbatzak egindako ekintza aipagarrienak:
- Kontzertu ugari eman dituzte Euskal Herriko hainbat herritan.
- Nova Cervera (Lleida) eta Allende Salazarrekin (Gernika) truke koralak.
- Gipuzkoako Abesbatza Federazioak antolatzen dituen kantata guztietan hartzen dute parte.
- Urola Bailarako Gabon Kanten Lehiaketa, Azkoitian.
- 1999. urtean, "Donostia kantuz txiki" ekitaldian parte hartu zuten, Victoria Eugenia aretoan.
- Juan Carlos Irizar musikagilearen bi disko didaktiko, pedagogiko eta musikaletan parte hartu dute.
- Lourdesera erromesaldia. Donostiako Elizbarrutiak antolatzen duen Lourdeserako erromesaldian parte hartu du, Gipuzkoako eta nazioarteko elizkizunetan abestuz. Bertan, gaixoentzako kontzertu bat egin zuten.
- CD bat grabatu dute Juan Carlos Irizarren eskutik.
- 2001. urteko urtarrilean, Parisko UNESCOk gonbidatuta, "ARCO DE LA DEFENSA", "NTRA. SRA DE LA PAZ" eta "UNESCO" egoitzetan abestu zuten, Europako zenbait herrialdetako helduen koruekin batera.
Harremanetarako:
Mª EUGENIA DOVAL AIZPURUA
Nagusia Kalea, 2 - 3º - 20750 Zumaia (Guipuzkoa)
Telefono zenbakia: 943 861080
San Pedro abesbatza:
Zumaiako parrokiako koruak 150 urte baino gehiago ditu. 1984 arte, elizkizunetan bakarrik abesten zuten, baina, ordutik, eliz musika alde batera utzi gabe, musikaren beste arlo asko ere landu dituzte.
Hauexek dira abesbatzak egindako ekintza aipagarrienak:
- Zumaiako NAZIOARTEKO MUSIKA JAIALDI guztietan parte hartu dute (15 aldiz).
- Trentoko lurraldean, Italian, 1988ko eta 1993ko ITINERARI MUSICALI NEL TRENTINO jaialdietan parte hartu zuten.
- Asturiasko Pola de Siero herrian hiru aldiz abestu dute; lehena, ANGEL EMBIL MEMORIALEAN; bigarrena, SANTA ZEZILIA MUSIKA ASTEAN; eta, hirugarrena, ANGEL EMBIL JAUNAREN EHUNGARREN JAIOTZA URTEMUGAN.
- Asturiasko Cudillero herrian NAZIOARTEKO KORUEN TOPAKETETAN parte hartu zuten.
- Euskadiko Orkestrarekin eta Nazioarteko Musika Jaialdiko Orkestrarekin Mozarten Koronazioko Mezan abestu zuten joan den urtean Azkoitian eta Zumaian.
- THE MISSION filmeko musika abestu zuten Azpeitian eta Azkoitian, Bergarako Orkestrarekin.
- Hainbat abesbatzekin harremanak dituzte; besteak beste, CORO MONTE PELLLER Italiako Trentokoa, CORO DIVISI Valentziakoa, CORAL SANTA MARIA LA MAYOR Granadakoa eta CORO ANGEL EMBIL Asturiasko Pola de Sierokoa.
- Halaber, kontzertu ugari eman dituzte Euskal Herriko hiri, herri eta auzoetan.
Beheko Plaza Abesbatza:
Orain dela 27 urte, pentsiodunen egoitza ireki zen. Inauguraziorako abesbatza talde bat sortu zen; eta, oso esperientzi ona izan zenez, aurrera egitea erabaki zuten.
Lehenengo zuzendaria Eduardo Zubia (g.b) izan zen. Saio batzuen ondoren, Insersok antolatutako Hirugarren Adinekoentzako txapelketara aurkeztu ziren 1979. urtean, eta 3. saria lortu zuten. Arrakasta ikusita, abesbatzarekin jarraitzea erabaki zuten.
Valentin Manterola izan zen bigarren zuzendaria. Valentinek bultzada handia eman zion abesbatzari. Madrileko Alcala Antzerkian ospatu zen Hirugarren Adinekoentzako Abesbatza Txapelketan lehengo saria irabazi zuten, 1983. eta 1986. urteetan. Urte horietan, kontzertu ugari eskaini zituzten Euskal Herri osoan.
Agustin Zubimendik zuzentzen du abesbatza 1988. urtetik hona. Zuzendari berriaren lanari esker, abesbatza berritu egin da, partitura berriak ikasi dira, eta oso maila duina izatea lortu da. Azken urte hauetan, abesbatzak Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan abestu du. Halaber, 1999. urtean, abesbatzak lehenengo saria lortu zuen Donostiako Antzoki Nagusian ospatu, eta Gipuzkoako Diputazioak antolatutako Helduentzako Abesbatza Lehiaketan.
Herriko txistularien taldea:
Herriko txistulari taldea XIX. mendean sortu zen Zumaiako Udalaren babesean. XX. mendearen azken laurdenean Jeronimo Egaña Goikoetxeak birsortu egin zuen txistulari taldea, eta, haren lanari esker, 70eko hamarkadan, 100 partehartzaile baino gehiago izan zituen. Jeronimo Egaña, txistulari taldeko zuzendari izateaz gain, musika akademiako zuzendaria zen.
Ekintzarik aipagarrienak:
- 1988. urtean bira musikala egin zuten Italian.
- Zumaian eta beste zenbait herritan ospatutako txistularien alarde, diana, alborada, kalejiratan parte hartu dute, eta hainbat kontzertu eman dituzte.
Egun, txistularien egoitza "Ubillos Jauregian" dago.
Telefono zenbakia: 943 861183.
Musika Banda:
1860. urterako bazen Zumaian musika banda, lan ugari egindakoa, gainera: dantzaldietan, kontzertuetan, ekintza erlijiosoetan eta beste hainbat ekitaldietan parte hartzen zuen. Garai hartako partaide kopurua 40 ingurukoa zen, horietako asko eta asko oso gazte hasitakoak.
Zumaiatik kanpo ere ibili zen garai hartako Musika Banda; esaterako, 1905ean Banden lehiaketa bat irabazi zuten, eta gaur egun ere bandaren ikurrinean dago zintzilik txapeldunei emandako domina hura. Zuzendariei dagokionez, Musika Bandak maila eta ospe handiko zuzendariak izan ditu; izan ere, lehiaketa publikoak antolatzen zituzten zuzendariak aukeratzeko.
Hona hemen Gerra Zibilaren aurretik izandako zuzendariak:
Leandro Zabala jauna.
Luis Urteaga jauna.
Evaristo Goikoetxea jauna.
Pablo Goikoetxea jauna.
Gonzalez Bastida jauna.
Baina Gerra zibilaren urteetan garai gogorrak bizi izan zituen Musika Bandak, eta ondorioz, bere lana asko gutxitu zen. Behin gerra bukatuta, Juan Goikoetxea jaunak hartu zuen Musika Banda zuzentzeko ardura zaila, gerraren ondorengo urteak gogorrak izan baitziren.
25 urte inguru egin zituen Goikoetxea jaunak zuzendari moduan, harik eta, 1962an, Jose María Lizaso Jaunak ordezkatu zuen arte. Ondoren, zortzi urteren buruan, Musika Banda desagertu egin zen. 1980an, ordea, berriro sortu zen Musika Banda, Antonio Tapiaren eskutik sortu ere. Lan handia egin zuen Tapiak, herriko hainbat eta hainbat haur eta gazte sartu baitzituen musika munduan (Herriko Musika Eskolaren, Txistularien Bandaren eta Musika Banda Txikiaren ardura ere bazuen). Hamasei urtez izan zen bandako zuzendari, eta urte horietan Musika Banda 60 partaide izateraino iritsi zen. Musika bandak hainbat kontzertu, kalejira eta dantzaldi eskaini zituen, Zumaian bertan ez ezik, baita Zumaiatik kanpo ere.


