Andoni Etxaniz
Zumaiako Udalak elkarrizketa digitalen aroa abiatu nahi du www.zumaia.net bere webgunean. Herritarrak Udaleko gaietan parte-hartzeko beste egitasmo bat izango da honakoa. Izan ere, zumaiar guztiei Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako bozeramaileei galderak egin eta erantzun horiek ikuskatzeko aukera eskainiko zaie. Bide horretan, Andoni Etxaniz alkateordea izango da bigarren elkarrizketatua.
Erantzundako galderak
2010/05/07 09:32
Kaixo Iñaki:
Aurtengoan ere joan den bi urteetan bezala, landare inbaditzaileak kontrolatzeko diru izendapena ezarri dugu Udaleko aurrekontuetan. Udala bere txikitasunean bide honetan lehen urratsak ematen hasi da. Joan den urtean bezala, parte hartu beharko luketen beste erakunde handiagoei ere, Diputazioari eta E.J.-ri, diru-laguntzak eskatuko dizkiegu, ea aurten ematen dizkiguten! Babes mailak aitortzea ondo dago, ondoren konpromisoak eta elkarlanak behar ditugu. Beraz, bai aurrera begira Udaletik bide honetatik jarraituko dugu.
Eskerrik asko eta ondo izan!!
2010/05/07 11:11
Kaixo Andoni, Musika Bandaren edo oro har Musika Patronatuaren hainbat egitasmok eta ideiak Hirigintza Sailarekin ezinbesteko lankidetza behar dute, normala denez. Hainbat adibide: Beheko Plaza berrian egongo den kioskoa, Komentuko auditorioaren eraberritzea, Ubillos eta Torreberri dantzarako eta musikarako behingoz erabat egokitzea, eta abar. Esperientziak erakutsi digu ezinbesteko lankidetza hori behar bezala bideratzeko saioek ez dutela behar adina funtzionatu, goian aipatutako egitasmo edo ideia ia denak aurrera egin ezinda bidean geratu diren neurrian. Nola egin genezake aurrera? Ba al duzue proposamenik lankidetza-bide berriak martxan jartzeko? Eskerrik asko aldez aurretik!
Proposamenak egiteko eta jasotzeko prest gaude, guk egin genezake geurea, baina gu ere gai honi buruz iritzia eta ideiak dituenari entzuteko prest gaude. Egia esan ez da erraza egiten diren eskaerei nahiko genukeen bezala erantzutea, askotan ezin iritsita ibiltzen gara. Ahal den neurrian ekipamendu hauek guztiak behingoz erabat egokitzea da gure helburua ere. Baina egokitzea askotan zailagoa izaten da, askotan egoera larriagoan dauden gaiei heldu behar izaten diegulako, egokitzapen bat baino gehiago behar dutenei, alegia.
Aurten Uxategia musika taldeentzako entsegu toki bezala egokituko dugu. Komentu eta kaperaren proiektua ere idatziko dugu. Bestelako lan txiki mordoxka bat ere gure lan zerrendatan ditugu, konponketa txikiak, egokitzapenak…
Proposamen bat eskatu didazu, dena den, ez zait iruditzen niri bakarrik tokatzen zaidanik proposamenari forma ematea eta orain hemen publiko egitea, proposamen horretan jende gehiagok parte hartu beharko luke nire iritziz, zuk zeuk adibidez. Beraz, gaia nola heldu eta nola bideratu genezakeen adosteko, gai honen inguruan zer esana dugun artean, kultura sailetik bilera bat antolatzea proposatzen dizut.
Eskerrik asko eta laster arte Ibon!
2010/05/07 11:17
Egun on!!
Gai honen inguruan nondik gatozen eta norantz goazen kontuan eduki behar dugu. 2007an Udala hartu genuenean, 1.820.000€ bideratzen zituen pertsonaleko kapitulura, 2007 gure tamainako udalek kapitulu honetara bideratzen zuten bataz bestekoan jartzeko 3.200.000€ bideratu beharko genituen. Zumaiako Udalak 29 langile fijo zituen. 2010ean 2.615.000€ bideratuko ditugu; Zarautzen aldiz 10.500.000€, lau aldiz gehiago. Zumaian 9.099 biztanle ditugu, Zarautzen 22.474, beraz asko edo gutxi zer den jakiteko, ingurura ere begiratu beharko genukeen.
Udaletxeko langileak 19 urtez lanpostuen baloraziorik egin gabe egon dira, eta Udala 19 urtetan asko aldatu da, konpetentzia berri asko hartu ditu. Zorionez, 2010ean bukatu dugu balorazio hori eta bere ondorioak eduki ditu; balorazio honek aspaldi egina egon behar zuen, ordea.
Gizarte zerbitzutan adibidez, gizarte langile bat lanaldi osoan eta beste bat lanaldi erdian zeuden gu sartu ginenean, administrari batekin. Gaur egun, hiru gizarte langile lanaldi osoan eta bi administrari ditugu, gaur egun herritarrak jaten ari garen egoerari aurre egiteko Udalak baliabide egokiak behar ditu, eta horretan gabiltza. Udala handitu dugu bai, behar handia zuelako, baina ez zaigu iruditzen gaur egungoa handiegia denik. 2007an Udala erdi hutsik zegoen, orain gu Udala barrutik hornitzen gabiltza.
Dena den gaiaz sakonago hitz egin nahi izanez gero nirekin harremanetan jartzera gonbidatzen zaitut.
Ondo izan!!
2010/05/07 11:20
Kaixo berriro Jon:
Alkatea eta gure artean, Ezker Abertzalea eta EAren artean, harremanak zorionez oso onak dira. Nik erantzuna benetakoa emango dizut, beraz sinetsi nazazu.
Erabakiak guztion artean hartzen saiatzen gara, horretarako asko hitz eginda, eta askotan malgutasuna beharrezkoa da. Baina hitz egiterakoan helburuak elkar ulertzea izan behar du, entzutea; bestela alferrik gabiltza.
Liskartsua eta errespetu faltaz beterikoa izaten ari da legealdia hasiera hasieratik. Gobernu aldaketa eman zenean bulegoak hutsik eta ordenagailuak formateatuta aurkitu genituen, informazio transmisio minimo bat ere ez zen eman. Herriari zor diote errespetu hori, eta informazio guzti hori, eman ez digutena, herrirena zen eta herriari zor zioten.
Herriaren alde egin beharrean Gobernu honen kontra ibili direla iruditzen zait. Nahiz eta herriari kalte egin, batzuen helburu nagusia Gobernua berreskuratzea da. Udaletxea herriari begira jarri dugu eta ez alderdi baten interesei begira, eta horrek min ematen die.
Jarrera batzuk oposiziora bidali zituzten, eta orain oposiziotik jarrera berdinarekin dabiltza, ez dute entzun herriak argi eta garbi esan zuena.
Legealdi hau trantsizioarena izan da, ea hurrengo legealdietan Udal honek duen konfrontazio maila guztion artean jaisten dugun.
Ondo izan!
2010/05/07 11:21
Egun on!
Galdera motxa bezain sakona. Eta orain nik zer erantzun behar diot honi….
Lehenik eta behin arauen helburuak zehazteko orduan lan egiteko modua aldatu behar dugu hasiera hasieratik. Arauen helburuak ez dira bi teknikari eta hiru politikariren artean zehaztu behar, helburuak eredu parte-hartzaile baten bitartez zehaztu behar ditugu, ekarpenak egin nahi ditugun guztion artean.
Etxebizitza beharraren inguruko azterketa bukatzen ari gara, eta bertatik ondorio asko atera genitzake. Zumaian etxebizitza asko egin dira azken urteetan eta asko daude oraindik egiteko, baina adreilua sustatzea ez luke izan behar helburuetako bat nire ustez.
Zumaiak ingurune natural garrantzitsuak ditu, hauek babesten eta balorean jartzen lan asko egin daiteke. Duguna zaindu eta ondo erabiltzen saiatu behar gara, adreiluaren gurpil zorotik atera beharko genituzke hurrengo arauak.
Mila esker eta ondo izan!

