Iñaki Agirrezabalaga
Zumaiako Udalak elkarrizketa digitalen aroa abiatu nahi du www.zumaia.net bere webgunean. Herritarrak Udaleko gaietan parte-hartzeko beste egitasmo bat izango da honakoa. Izan ere, zumaiar guztiei Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako bozeramaileei galderak egin eta erantzun horiek ikuskatzeko aukera eskainiko zaie. Bide horretan, Iñaki Agirrezabalaga alkatea izango da lehendabiziko elkarrizketatua.
Erantzundako galderak
2010/04/22 08:12
Egun on Maite:
Diozun arazoa dagoeneko udaletxean detektatua dago. Zumaiako Arauetan ere onartua dago Axular ibiltokiaren oinezkoen pasabidea zabaltzea, bai zuk diozun eremuan, bai eta Zuloaga plazarantz doan gainontzeko eremuan ere. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da trafikoaren inguruko aldaketa txiki bat, ibaiaren aldeko espaloia zerbait txikituz, aparkalekuak atereaz eta ahal den neurrian ikastetxeak dituen beharrei ahal den gutxien oztopatuz
Edonola ere, ez da gauetik egunera egiteko kontua eta pazientzia pixka bat eskatu beharra daukat.
Eskerrik asko zure parte-hartzeagaitik, Maite.
2010/04/22 08:13
Egun on berriro ere Maite:
Zure eskaria kontutan hartuko dugu eta ahal den neurrian arazoari irtenbidea ematen saiatu. Hala ere, gogoratu nahiko nizuke, ordu puntetan eta pare horretan udaltzaingoaren laguntza badagoela, izan ere haur dexente igarotzen baita pasabide horretatik.
Mila esker.
2010/04/22 08:14
Kaixo Maite:
Arrazoi duzu. Hemen ordea konpetentzien arazo batekin aurkitzen gara. Izan ere, eremu horren eskuduntza Espainiako Itxasertzetako Ministerioari dagokio, eta askotan ez da erraza izaten beraiek dituzten helburuak, Udalak dituenarakin bat etortzen. Edonola ere saiatuko gara, arazoa konpontzen.
Mila esker.
2010/04/22 08:18
Egun on Aitor:
Lehen ere, beste herritar bati honen inguruan zerbait erantzun diot. Nola da posible, lehengo urteko alderdi politiko batzuekin akordioetara iritsi, gehiengoa lortu eta oraingoan akordio politiko berdinetara iritsi eta gehiengoa ez lortzea?
Disziplina lagatzen duten zinegotzi edo kargu publikoekin zein jarrera izan behar dugun gainontzekoak aspaldiko eztabaida bat da. Eztabaida horren ondorio, nolabaiteko akordioetara iritsi ziren bere garaian alderdi politiko ezberdinak, baina zoritxarrez (eta hori da Zumaiako kasua) unean uneko egoeratan alderdiek posizio ezberdinak azalerazten dituzte akordio hura ezerezean geratuz. Bestela nola ulertu, gainontzeko alderdiek, gertatu denaren inguruan hitz bat bera ere ez esatea?
Mila esker zure parte-hartzeagaitik.
2010/04/22 08:22
Egun on Marije:
Udaletxean gobernatzen hasi ginenetik gure helburua, kultura suspertzea izan zen. Horretarako alderdi politikoetatik haratago, herrian kultura munduarekin erlazioa duten pertsona ezberdinen arteko mahai bat eratzea izan zen helburuetako bat eta hala egin genuen. Bertan herriko kulturari eragiten zioten gai ezberdinen inguruan hausnarketa bat egitea zen helburua. Zoritxarrez, momentu honetan esplikatzeko luzeegiak izango liratekeen arrazoiengatik, mahai hori bertan behera geratu zen, baina legengintzaldia bukatzerako berriz ere berpizten saiatuko gara.
Monjaxarren komentuari dagokionez, bertarako ere hausnarketa prozesu bat abian jarri genuen. 7 proiektu ezberdin aurkeztu ziren, eta edozein herritarrek ikusteko aukera izan zuten. Udalak proeiktu horiek ikusi eta aztertu ondoren honako ondorietara iritsi zen:
1.- Kapera: emanaldi kultural ezberdinak aurrera eramateko eremu egokia iruditzen zaigu. Gaur egun erabilera hori ematen zaio, baina kaperak egokitzapen minimo bat beharko luke.
2.- Aterpetxea: Herrian aterpetxe baten beharra daukagu. Dauden solairu ezberdinak helburu horretara bideratuak izango lirateke. Hori bai, aurkeztu ziren proiektu ezberdin horietako bati jarraituz, aterpetxearen logelek gaur egun duen xarma mantendu beharko lukete, eta egokitzapena logaletan ere egokitu beharko litzateke.
3.- Taberna-Jatetxea: Bai aterpetxeari, bai alde zaharrari irekia egongo litzateken taberna jatetxe baten beharra ikusten dugu. Alde batetik, aterpetxean dudenentzat zerbitzua emanez, eta bestetik, alde zaharra berpizteko aukera emango luke.
Guzti horretarako proiektu bat egin beharra dago, dagoeneko 2010eko aurrekontu proeiktuan sartuta zegoena. Agian, kreditu aldaketa baten bitartez gauzatu beharreko proiektua izango da.
Edonola ere, mila esker zure galderarengatik. Ondo izan.
2010/04/22 08:24
Egun on Mikel:
Aurrekontuak onartzeko bide ezberdinak daude eta zuk aitatzen duzuna bide horietako bat da. Aurrekontuak onartu ez ziren unean zeuden bide ezberdinak aztertzen ibili ginen. Hausnarketarako unea izan zen eta bide bakoitzaren aldeko eta kontrako jarrerak aztertu genituen. Egin genituen hausnarketak:
1.- Aurreko urteetako aurrekontuak, aurtengoan akordioetara iritsi garen alderdi politiko berdinekin, onartuak izan ziren. Non dago aldea? Taldeko disziplinatik at geratu den zinegotzi batean.
2.- Aralar-Alternatiba ezik, gainontzeko alderdiek ez zuten inolako enmendakinik gauzatu. Ez horretarako egindako batzorde ezberdinetan ez eta bakarka beraiekin izandako elkarrizketetan ere.
3.- Gure lana, daukagun akordio programatikoa aurrera eramatea da. Ba al dago akordio programatiko horretaz aparte, beste akordio programatikorik geurea baino gehiengo gehiago duena? Oraingoz ez. Bestela aurkeztu dezatela, horretarako aukera baitute. Bitartean gure helburua, gauzatu zaigun programa aurrera eramatea da. Horretarako dauzkagun alternatibako mekanismoak martxan jarri behar ditugu (kreditu aldaketak esaterako) eta ez gure lana bertan behera oposiziari horren erraz oparitu.
Eskerrik asko zure parte-hartzeagatik.
2010/04/22 08:29
Egun on kris:
Galdera sakona zurea eta bapatean erantzuteko zaila. Garbi dago, krisi batean murgildu garela, eta horrek dauden garapen ezberdinetan eragin bat duela. Garapena diodanean, garapen urbanistiko, sozial eta industrial batetaz ari naiz.
Gaur egun etorkinak gero eta gehiago ditugu eta hori behar bezala bideratzeko baliabideak jarri behar ditugu. Gizartearen harreman balioak ere aldatzen doaz etengabe. Zentzu horretan garrantzitsua da gizarte politakarako sailak sustatzea. Horretan jardun dugu azken ia hiru urtetan.
Garapen urbanistikoari dagokionez, arauak dioten hazkundera iritsiko gara Puntanueta gauzatzen dugunean. Hori gertatzean dagoeneko zera galdetu behar dugu: herriak gehiago hazi behar du? Haztekotan, nondik hazi behar du? Horrek zerbitzuetan eragin bat izango du, non kokatu? Industriak gailendu behar du garapen urbanistikora, edo alderatziz behar du izan zenbait eremutan? Galdera horie erantzunak datozen urteetan zumaiar denon artean eseri eta pentsatu beharko ditugu. Arau ordezkatzaileen biziraupena urte gutxiren barruan izango da amaitzear.
Galdera diodan bezala sakona da, eta agian, beste sakontasun bat eta toki bat behar duten gaiak dira. Edonola ere eskerrik asko zure hausnarketagaitik. Ondo izan.
2010/04/22 08:30
Eguerdi on Joseba:
Gaia dagoeneko bizpahiru aldiz tratatua dugu Portuetako Zuzendaritza sailarekin (azkeneko aldiz orain astebete). Beraien erantzunaren arabera, dagoeneko datorren urterako dragatze plangintzan sartuta dago gure herrikoa. Aurten beste herri batzuetan premia gehiago omen zegoen. Tramitazioa luzea omen da (ingurugiroko txostenak behar dira etb.), baina itxura guztien arabera, datorren neguan dragatzeko aukera izango du gure ibaiak. Bat nator zurekin, eta horrela adierazi izan diegu: egoera okertzen doala.
Besterik gabe, eskerrik asko, Joseba.
2010/04/22 08:31
Kaixo Ainhitze:
Hain zuzen aste honetan Hezkuntza sailarekin bilera bat dugu, eraikin horri buruz hitz egiteko eta diozun lur sail horren erabileraren inguruko hausnarketa kontutan hartuko dut. Edozer zalantza duzula, hemen naukazu.
Ondo izan, eta eskerrik asko parte-hartzeagaitik.
2010/04/22 08:37
Egunon Maite:
Hain zuzen ere, legealdi honen hasieran gabezi horren jakitun ginen. Hori dela eta Hezkuntza sailarekin harremanetan jarri eta haurtzaindegi berri bat irekitzeko aukera izan genuen. Horrela, Arragoletan 3 modulo ezberdin ireki genituen, orain bi urte, zeuden beharrei aurre egiteko. Gauzak horrela, gaur egun haurreskola publikotan 51 plaza daude, Maria eta Josekoak kontutan izan gabe eta oraingoz gure datuen arabera, herrian daukagun eskariari aurre egiteko egokia.
Edonola ere, egunen batean datu hauek kontrastatu nahi badituzu, hemen naukazu.
Mila esker, Maite.
2010/04/22 08:37
Kaixo Saioa:
Azkenerako utzi dut galdera hau. Izan ere, nire alderdi barruan orain gabiltza hautagaitzen gaiari heltzen eta hain zuzen, prozesua martxan dagoenez, ez nuke nahi nire jarrerak, prozesu horrek daraman ibilbidean inongo eraginik izaterik. Alderdi barruan, nire hausnarketaren berri izan dute orain gutxi eta orain alderdiari dagokio bere bidea egitea.
Edonola ere, eskertzen dizut zure interesa.
Hurrengorarte, ondo izan.

