Herri-aurrekontuak 2012
Herritar maitea,
Oraingoan 2012. urteko aurrekontuak lantzera gatoz. Laugarrengo urtez jarraian parte-hartzean oinarritutako aurrekontuak egitera goaz. Duela lau urte hasitako bidea ari da fruituak ematen.
Hirigintza izan da proposamen gehien jaso eta bideratu dituena; San Jose auzoko Plan Berezia idazten ari gara, Narruondoko pasabideko proiektua gauzatu da, irisgarritasuna hobetze bidean Txomin Agirre eta Mendaro Marinela kaleak egokitu dira…
Gazteen nahi eta beharrei ere erantzun hobea emateko bidea izan dira parte hartzeko aurrekontuak; Zumaiako Gaztetxea eta musika taldeek entseatzeko lokalak dira horren adibide.
Bizikleten aldeko apustua ere herritarrok bidelagun zaituztegula egin dugu, mugikortasun-eredua aldatu nahian. Orain, apustu hori guztion artean irabazi edo gal dezakegu, parte-hartzea ez delako egun bakarrean hasten eta bukatzen. Herritarrok egunero egiten dugu gure ekarpena, eta ekarpen guztiak ez dira beti positiboak izaten.
Gizarte Zerbitzuak ere indartu ditugu, eta Berdintasun Saila teknikari propioz hornitu dugu, azken urteotan. Kultura, Hirigintza, Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna, Euskara…. Arlo anitzetarako jaso ditugu ekarpenak.
Asko dago, ordea, egiteko eta ikasteko. Aurrekontuak egiteko modu honek guztioi, zuoi eta guri, eskatzen digu ahalegina. Udalaren ateak parez pare irekiko ditugu, Udalaren kontuen berri herritarrei zuzen-zuzenean emango diegu, Udalak abian dituen proiektuak mahai gainean jarriko ditugu, guztion artean Udalaren norabidea eta lehentasunak erabakitzeko.
Garai gogorrak bizi ditugu arlo ekonomikoan, eta Zumaiako aurrekontuetan ere igarriko da hori. Beraz, egoera honetan oso garrantzitsua da lehentasunak ondo finkatzea, baliabideak zertara bideratu behar diren erabakitzean, zertarako ez diren erabiliko erabaki beharko dugulako, ez du-eta denerako emango.
Herri-aurrekontuak zubiak bezalakoak dira, bi norabidekoak: Udaletik herritarrengana eta herritarretatik Udalera. Elkarren berri izateko aukera emango digute herri-aurrekontuek, eta elkarrekin lehentasunak finkatuz etorkizuneko Zumaia eraikitzeko aukera emango digute. Zita bat dugu, beraz, Zumaiarekin. Gu joango gara, eta zu?
Eskuorria ikusi nahi baduzu, klikatu hemen.

